Arabako Aralar


Osasun Publikoa Araban
June 16, 2010, 1:57 pm
Filed under: Uncategorized | Tags: , , , , , ,

EGOERAREN ANALISIA

“Euskal gizartearen zerbitzurako aldaketa demokratikorako oinarriak” izenburuko dokumentuan Gasteizen ospitale berri bat sustatzeaz eta daudenak berregituratzeaz hitz egiten da. PPk “eta nireaz, zer?” klausula hainbeste erabiltzearekin Eusko Jaurlaritzaren jarduna bahituta dagoela esan daiteke. Presioen aurrean makurtuta, Bengoa sailburuak hirugarren ospitalea egiteko bere proiektua aurkeztu zuen, 2010eko martxoaren amaieran; berez, Txagorritxuko ospitalea handitzean eta Santiago ospitalea gaixo kronikoen zentroa bihurtzean datza proiektu hori. Langileen plantila indartzeko plangintza edo osasun premien mapa egin gabe aurkeztu zuten proiektua. Azken puntu horren inguruko eskaera egin zuen Aralarren legebiltzar taldeak, eta gainontzeko alderdiek onartu egin zuten.

Orain arte azaldutakoari, Arabako osaera berezia eta hiriburuan ospitale nagusirik ez izatea gaineratu behar zaio. Arabako landa eremuan larrialdietarako zerbitzuak ezartzeko eskaerak gero eta gehiago dira, eta inguru horretan ohiko aldarrikapena da jada. Gasteizen bizi ez diren herritarren eskubideak ez dira ahaztu behar. Langileen eskubideen mailan, makro-ospitale batetaz hitz egitea amarru bat da, zerbitzu publikoak ahultzeko asmoa ezkutatzen duelako. Itxura guztien arabera, Osakidetzak lanpostuak murrizteko asmoa dauka, ikuspegi ekonomiko huts batetik begiratuta gaiari.

Bestalde, gure erakundeek euskal osasun publikoko zerbitzuak kanpora ateratzeko eta pribatizatzeko borondatea erabat salagarria da. Auzoz auzo osasun etxeak ezartzeko eredua egokia iruditzen zaigu, nahiz eta beti hobetu daitezkeen gauzak. Dena dela, egunerokoan gaixoei arreta modu hurbiletik eskaintzeko abiapuntu interesgarria iruditzen zaigu, era horretara herritarrei arreta hurbilagoa eta humanoagoa eskaintzen zaielako.

ARALARREN JARRERA

Gasteizeko osasun edo ospitale mapan egindako edozein aldaketek eragin zuzena izango du Araba osoan. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu osasun zerbitzuen eta premien mapa prestatzea, Euskal Osasun Publikoko langileen iritzia aintzat hartuta.

Era berean, osasun arloko sektore planak modu etengabean egitea egokia iruditzen zaigu, horren bitartez eguneroko kudeaketan hobekuntzak ezartzeko eta politika publiko errealista eta serioak ezartzeko, herritarrei kalitatezko Osasun Publikoa eskaintzeko helburuarekin. Osasun arloko zerbitzuen eta premien mapa behin izan eta gero, egun dauden zerbitzuetan hobekuntzak modu zehatzean zehaztu ahal izango dira edo egun bete gabe dauden osasun arloko beharrak betetzeko zerbitzu berriak ezarri ahal izango dira. Halaber, eta egun dauden baliabide ekonomikoak kontuan izanda, ezarritako helburuak eta dauden premiei modu egokiagoan aurre egin ahal izango zaie.

Dena dela, Santiago Ospitaleko instalazio guztiak edo batzuk ezabatzea ez da alternatiba aproposa osasun arreta hobetzeko ezta azken urteetan osasun arreta hobetzeko egin diren inbertsioak modu eraginkorrean baliatzeko. Era berean, egiten den edozein aldaketak langileen baldintzak mantentzea ekarri behar du berarekin, edo bestela, baldintzen hobekuntza, herritarrei eskaintzen zaion arreta kalitatezkoa izateko. Zentzu horretan, osasun arreta publikoa izatea bermatzea ezinbestekoa dela deritzogu, azpikontratazioa eta zerbitzuak kanporatzea edota pribatizatzea saihestuz.

Aralar ez dago Gasteizen ospitale berria egitearen aurka. Zerbitzuen eta premien mapatik ondorioztatzen bada azpiegitura berri batek herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea ekarriko duela, Aralarrek hirugarren ospitalea eraikitzearen alde egingo du.

Gastezein hainbat inguru apropos daude hirugarren ospitale hori egiteko: Salburua auzoa, hiriko hego-ekialdetik Txagorritxura edo erdigunera sartzeko dauden arazoak ezabatuko lirateke horrela, gainera; era berean, Arabako landa eremuei larrialditako osasun zerbitzua eskaintzea erraztuko luke, hiriko saihesbideetatik sarbide zuzenak egitea posible izango delako.

Aralarrek jendaurrean aurkezten ditu hausnarketa hauek eta jarrera hau, gizartean eztabaida zabala irekitzeko eta herritarren partehartzerako eremu aproposak sustatzeko asmoarekin, era horretara osasun zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa egonkortzeko helburuarekin.

Informazio gehiago hemen: OSASUN PUBLIKOA ARABAN

Advertisements

Leave a Comment so far
Leave a comment



Leave a Reply

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s



%d bloggers like this: